Euskara hobetzen
Gutxieneko eta gehieneko
Nola da euskaraz, gutxienezko ala gutxieneko?
Eta gehienezko ala gehieneko?
Ø Itzultzaile Zerbitzu Ofizialaren (IZO) erabakia:
Gutxieneko da azpisarrera Hiztegi Batuan, eta, beraz, gutxieneko eta gehieneko gomendatzen ditugu:
Gutxieneko soldata, eta ez gutxienezko soldata
Gutxieneko distantzia, eta ez gutxienezko distantzia
Gehieneko prezioa, eta ez gehienezko prezioa
-
Horrela jasotzen du Euskara Batuaren Eskuliburuak:
Gutxieneko da azpisarrera Euskaltzaindiaren Hiztegian (gutxienezko ez da batere ageri), eta, beraz, bera da forma egokia: gutxieneko soldata, gutxieneko distantzia, gutxieneko maila, gutxieneko ahalegina…
Gehieneko/gehienezko bikoteari buruz ere gomendio bera da egokiena: gehieneko prezioa, gehieneko etekina… (nahiz pare bat adibidetan ‘gehienezko iraupena’ esapidea ageri den).
-
Elhuyar Hiztegiak gehienezko ere onartzen du:
izlag. máximo, -a: gehienezko salneurriak: los precios máximos.
-
Erabilerari begira, Googlen bilaketa bat eginda, datu hauek jaso ditugu:
Gutxieneko da erabiliena: 639.000 emaitza.
Gutxienezko-k 25.700 emaitza.
Gehienezko da erabiliena: 261.000 emaitza.
Gehieneko-k 118.000 emaitza. Beraz, kasu honetan, ez diogu kasu egiten gomendioari.
Zenbaitetan, minimo eta maximo hitzak erabili behar dira (Hiztegi Batuan jasorik daude):
Tenperatura maximoa
Funtzio baten maximoa eta minimoa
IZOren itzulpen- eta berrikusketa-irizpideak,
Euskara Batuaren Eskuliburua
Artikulua
Ez dut sinesten
Ateoa nauzue. Hau da, ez dut inolako jainkorengan sinesten. Eta, beraz, telebisten audientzietan ere ez dut sinesten. Niretako, Jesu Kristo edo Buda bezain fenomeno paranormalak dira.
ETBren euskarazko kanalarekin enegarrenez kezkaturik gauden honetan, ETBren noraeza ohiko aipagai duen Twitterreko gaztelaniazko kontu anonimo batek hautsak harrotu ditu erran duelarik Araba, Bizkai eta Gipuzkoan Trece TV kate ultraeskuindarrak ETB1ek baino audientzia handiagoa duela.
Eta, tira, nik ez dut datu errealik erantzuteko hori ez dela hala. Baina berak ere ez. Audientziak ez baitira datu errealak, estimazioak baizik.
Bertze datu bat eman zigun atzo: iragan igandean, batez bertze, 31.000 euskal erditarrek ETB1en meza ikusi zutela. Asko dira? Gutxi dira? Ideirik ere ez dut nik. Baina jakin badakit ezinezkoa dela jakitea zenbat izan diren zehazki.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 400 etxe ingurutan paratuak omen dituzte audimetroak. Eta audimetro horiek erregistratzen dituzten erabilera datuekin estrapolazio bat egiten dute eta -oker tartea behin ere aipatu gabe- zenbaki zehatz bat ematen digute: 31.000 pertsona meza ikusten. Bai, zera! Agian 50.000 izan ziren. Edo 1.237. Ez dago modurik jakiteko. Etxe guztiak ez baitituzte monitorizaturik eta, hartara, ezin dugu jakin 400 etxe horiek ez diren milaka eta milaka etxeetan benetan zer arraio ikusi zuten.
Eta ez, hauteskunde inkestetan ere ez dut sinesten. Zuek bai, ala?
Ergeletan ergelenak / Asier Azpilikueta
eLiburutegia
Kulturklik
*******
Bideoa
BURUTIK – Lekukoa (Bideoklip ofiziala)