Archivo del Autor: gabihernandez2014

Euskara hobetzen: erlatibo ezezkoetako hitzen hurrenkera.

Estándar

Erlatibozko ezezko esaldietan, hitzen ordena desegokia erabiltzen da batzuetan: “etorri ez den laguna (= el amigo que no ha venido)” esan edo idatzi beharrean, zenbaitetan “ez den etorri laguna” bezalako esaldiak agertzen dira.

Hutsaren arrazoia da baiezko esaldietan harreman jakin bat dagoela oinarrizko esaldiaren eta haren erlatibozko formaren artean, eta gero erlazio hori bera egiten dela ezezkoetan ere. Hona adibide bat:

– “Gizona etorri da” / “etorri den gizona”.
– “Gizona ez da etorri” / “ez den etorri gizona”.

Alabaina, ezezkoetan ordena apur bat aldatu behar da perpausa gramatikala izan dadin:
– “Gizona ez da etorri” / “etorri ez den gizona”.
Horretan “etorri” aditzaren kokagune erlatiboa, aditzarekiko, aldatu egiten da, baiezkoetan ez bezala.

Ez zaidan gustatu gazta ez zait gastatu    Gustatu ez zaidan gazta ez zait gastatu

Ez duzun ezagutzen gizon bat ikusi duzu, ezta?  Ezagutzen ez duzun gizon bat ikusi duzu, ezta?

Ez dugun ikusi pelikulaz ezin dugu hitz egin.  Ikusi ez dugun pelikulaz ezin dugu hitz egin.

Ez nizun utzi pelikula izan zen azkenean politena. Utzi ez nizun pelikula izan zen azkenean politena.

*******

Iritzia

Nola definitzen dugu KULTURA? Anjel Lertxundiren blogetik jasotako definizio bat irakurriko ditugu jarraian. Anjel Lertxundik berak:

“Kulturak egiten gaitu, kultura egiten dugu. Kulturaren kalitatea eta kulturari eskaintzen zaion arreta ez dira batere adierazgarri txarrak herri batek duen garapen demokratikoa neurtzeko.

Munduan egoteko eta mundua pentsatzeko modua da kultura eta bada galderak egiteko eta erne egoteko eta bide berriak saiatzeko eta arriskuak prebenitzeko sistema bat ere.”

Jose Luis Ansorenak, Larrun gehigarriaren ale batean:

‘Sexu harremanak noiz, nola eta norekin; jateko ohiturak; lagunartekoak; jaiak ospatzeko moduak; eguna partitzeko aukerak; lanari ekitekoak; arazoak konpontzeko usadioak; bizitzari eta heriotzari nola erantzun era kolektiboan; etxeak eta auzoak antolatzeko gisak; hizkuntzan gorderik dauden logika eta sikologia egiturak… Horixe eta gehiago da kultura. Gu, konturatu gabe ere, talde bihurtzen gaituen arau trinko eta isil ugarien egitura’.

Eta Patziku Perurenak Saski bete intxaur liburuan:

“Neretzako kulturaren adierazpiderik nabarmenena eta egiazkoena eguneroko bizimodua da. Zer sentitu duzu barrenetik gaur, zerk harritu zaitu gehien, zertaz ohartu zara koartoko leihoa zabaltzean, nori eman dizkiozu eskerrak, nola maitatu duzu jan duzuna, zertaz oroitu zara galtzerdiak erazterakoan, loak hartu aurretik, zer ez duzu utzi nahi izan biharko… Hor ikusten da norberaren kultura, eta, batez ere, egin gabe ezin utzi diren gauza antzu askotan.”

Anuncios

Euskara hobetzen: Euskaltzaindiaren arauak, 26. -Z GERO.

Estándar
  1. Kasu guztietan -(E)Z GERO idatziko dugu:

 Hori eginEZ GERO.

Hori egin duzunEZ GERO.

  1. Orduekin, eta oro har denbora posposizio gisa, EZKERO

ere idatz daiteke. Beraz, kasu honetan ondo daude:

HamarrEZ GERO/ hamarrak EZKERO

ZortziEZ GERO / Zortziak EZKERO

San FerminEZ GERO / San Ferminak EZKERO

AtzoZ GERO / Atzo EZKERO

  1. HONEZKERO, HORREZKERO eta HARREZKERO aditzondoak, era horretan idatziko dira, horrela erabili baitira euskararen literatura tradizioan, nahiz horrezkero aditzondoaren maiztasuna beste biena baino askoz ere apalagoa den.

Lana HONEZKERO amaituta egongo da.

HORREZKERO etxera joango gara.

Istripu bat izan zuen eta HARREZKERO ez da ohetik altxatu.

*******

Iritzia

Ganix Esnaola fisikaria, Euskal Herriko klimari buruz

Baina «kontuz ibili behar da: klimaz hitz egiten da gauza estatikoa balitz, baina oso gauza dinamikoa da». Esaterako, neguko depresio fronte guztiak leku beretik datoz Euskal Herrira, meteorologoek ekaitzen bidea deitzen dioten horretatik, haize nagusiek bultzatuta. Bizkaiko golkotik iparrera dago bide hori, eta horregatik ipar-mendebaldeko haizeak ekartzen du euria Euskal Herrira. «Klima aldaketaren berotzeagatik bide hori lekuz aldatuko balitz, apur bat iparralderago, esaterako, orain etortzen zaizkigun fronteak pasatzeari utziko liokete, eta horrek sekulako aldaketa ekarriko luke gurera», esan du Esnaolak. Baina adibide hori erreala ote den, hau da, benetan gerta daitekeen galdetuta, «erantzutea oso zaila eta arriskutsua» dela erantzun du fisikariak. Sistema dinamikoa eta konplexua denez, berotze orokorrak eragin dezake gune bat hoztea, paradoxa ematen badu ere. Nazioarteko aurreikuspenen ereduak hartzea eta Euskal Herrian zer espero den proiektatzea oso zaila da, zientzialariaren arabera.

http://www.berria.eus/paperekoa/1841/046/001/2017-09-16/erantzuna_haizean_dago.htm

 

Euskalmet

Euskara hobetzen: GUTXIENEKO ETA GEHIENEKO .

Estándar

Nola da euskaraz, GUTXIENEZKO ala GUTXIENEKO?

Eta GEHIENEZKO ala GEHIENEKO?

Itzultzaile Zerbitzu Ofizialaren (IZO) erabakia:

GUTXIENEKO da azpisarrera Hiztegi Batuan, eta, beraz, GUTXIENEKO eta GEHIENEKO gomendatzen ditugu:

Gutxieneko soldata,  eta ez Gutxienezko soldata

Gutxieneko distantzia, eta ez Gutxienezko distantzia

Gehieneko prezioa, eta ez Gehienezko prezioa

Zenbaitetan, minimo eta maximo hitzak erabili behar dira (Hiztegi Batuan jasorik daude):

Tenperatura maximoa

Funtzio baten maximoa eta minimoa

IZOren itzulpen- eta berrikusketa-irizpideak

*******

Artikulua

Delitutxoak, beti diminutiboarekin egiten diren gauzatxo horiek: norbere txakurraren goroztxoa espaloiaren erdi-erdian utzi eta paseatzen jarraitu; zigarrotxo bat piztu eskolako komunetan; arropa dendan kamisetaren bat probatzen hasi, tarratadatxoa egin eta ostera ere apalean tolestuta laga; ezagun, edo are, lagunen bati buruzko komentariotxo gaiztoren bat egin… Delitutxoak, badaezpada, atzera begiratu ondoren egiten diren gauzatxoak: gozo-dendako arasetatik gominolatxo batzuk lapurtu; organikoen edukiontzira errefusaz beteriko poltsatxoa bota; aparkatzean, atzeko kotxeari kolpetxo bat eman eta alde egin; puzkertxo bati jaregin liburutegian…Baina, ai, nola puzten diren diminutiboak, globoak bezala, burua biratu eta norbaitek bete-betean harrapatu zaituela ohartzean.

Miren Amuriza/ Osorik, HEMEN

Euskara hobetzen: ARTEAN

Estándar

Alferrik den toki batzuetan aurkitzen dugu aldika ARTEAN:

Enpresa alorrean, estrukturaren eta koiunturaren ARTEAN bereizi beharra dago.

Enpresa alorrean, estruktura eta koiuntura bereizi beharra dago (hobeto).

Ez duzu bereizten ongiaren eta gaizkiaren ARTEAN.

Ez ditu bereizten ongia eta gaizkia (hobeto).

Elkarren ARTEAN babesteko.

Elkar babesteko (hobeto).

Beste batzuetan, aukeran dago ARTEAN, eta beste egituraren bat ere erabil daiteke:

Lau behiren artean, 200 litro esne ematen dute egunean.

Lau behik 200 litro esne ematen dute egunean.

Zenbat fruitu daude sagarren eta bananen artean?

Zenbat fruitu dago guztira, sagarren eta bananen artean? (hobeto)

Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Patxi Petrirena

*******

Aipua

Badago txiste zahar bat, gaur egun inoiz baino aproposagoa dena:

“Bota ezazue eskale hori. Hain naiz sensiblea, ezin baitut jendea sufritzen ikusi”

Slavoj Zizek, Mis chistes mi filosofía

 

  • Booktegi.eus-en, mota guztietako euskarazko liburuak aurkituko dituzu.

  • Liburuak dohainik deskarga ditzakezu. Eta lagunei gomendatu.

  • Liburuak dohainik plazara ditzakezu, gure baldintzak betez gero.

  • Harpidetzen bazara, azken liburuen berri jasoko duzu e-postaz.

Adibide gisa, Elur-antzara ekarri dugu.

Hemen daukazue trailerra.

Liburu osoa ere badaukazue entzungai, Uxue Alberdik irakurrita,

eta osorik deskargatzerik ere bai, HEMEN

Gure zinemetan ikusgai izan dugu Dunkerque filma duela gutxi.

Bost minutuko ikastaroa: euskara zuzena, jatorra eta egokia.

Estándar

Euskara zuzenaz, jatorraz eta egokiaz aritu gara. Irizpideak erabat finkatzeko asmorik gabe, argigarri izan daitezkeen adibide batzuk ekarri nahi izan ditugu hona. Hezkuntza arautuan egin izan ditugu hainbat proba, eta proba horien emaitzaz baliatuko gara adibideak jartzerakoan. 13-14 urteko neska-mutikoei honako ariketa jarri genien behin:

“Gurasoen lana dela medio, beste herri batera joan behar izan duzu bizitzera. Apenas duzun lagunik. Egizu herriko aldizkarian argitaratzeko moduko iragarki bat, nor zaren azalduz, lagun eske. Labur, badakizu-eta egunkarietako iragarkiak garestiak izaten direla”.

Hona erantzunetako batzuk:

a- Moises izena dut eta herri honetan berria naiz orain dela gutxi etorri behar izan dudalako. Nire laguna izan nahi baduzu, dei egin ezazu telefono honetara: (xxxxxxxxx).

b- Libe nahiz. Ile-horia eta enroyatua nahiz eta arratsaldetan batzuetan ez dut jakiten zer egiten kalean. Zu ere berdin bazara, jarri nirekin kontaktuan. (xxxxxxxxx).

c- Mikel da nire izena. Bakarrik nago. Lagunak behar ditut. Zuk ere bai? Idatzi! Egizu nire buzoiak eztanda egitea!!!

(xxxxxxxxx).

d- Xabier nauk/naun. Surfa eta igeriketa gustatzen zaizkit. Deitu eta deputamadre pasatuko dugu. Nire telefonoa: (xxxxxxxxx).

e- Zintzilik nago, txaparroak eguzkitan lehortzen bezala. Ez gero ni hola utzi! Deituko? Ez zara damutuko. Iker. Telefonoa: (xxxxxxxxx)..

 

Zuzen-Jator-Egoki irizpideen arabera, honako burutazioak ibili genituen epaitzerakoan:

 segi irakurtzen … Lee el resto de esta entrada

Euskara hobetzen: Aspaldian ez zaitut ikusten.

Estándar

Bi esaldi hauen artean zein dago ondo?

Aspaldian ez dut ikusten zure lankidea.

Aspaldian ez dut ikusi zure lankidea.

Zenbait tokitan txartzat hartzen da, baina testu zaharretan forma biak agertzen dira. Guk, Euskaltzaindiak ezer esaten ez duen bitartean, biak erabiliko ditugu.

IVAPeko estilo liburua

*******

Iritzia

Isiltasuna

“Askotan arau sozialak apurtzen ditut, nahi gabe. Adibidez, finlandiarrok oso eroso gaude isiltasunean, ez dugu sentitzen une isilak betetzeko beharrik. Nire Euskal Herriko lagunak batzuetan urduri jartzen dira horregatik. Gogoan dut gau batean lagun batekin etxerantz gindoazela. Ni nire artean pentsatzen ze pozik nengoen, ze polita zen gaua, zelako lasaitasuna inguruan… Eta lagunak bat-batean: ‘Baina zer duzu? Oso nekatuta zaude ala? Zergatik ez duzu hitz egiten?’. Behin baino gehiagotan gertatu zaizkit antzeko gauzak”.

Hanna Lantto hizkuntzalari finlandiarra

 

Artikulu osoa, HEMEN

*******

Bitxikeria bat isiltasunari lotua:  John Cagek  musika klasikorako pieza bat idatzi zuen, 4’33’’ izenekoa, edozein musika tresnatarako, bakarlari zein musika taldearentzat, eta gauza bakarra zehazten zuen: lau minutuz eta hogeita hamahiru segundoz erabateko isiltasuna gorde behar dutela interpreteek.

Hemen bideoa. 3.072.543 ikustaldi!!!

Euskara hobetzen: konpletiboak

Estándar

Konpletiboetan perpaus nagusia ezezkoa denean, ez da beti –(e)nik atzizki egokiena.

–          Ez da egia/gezurra/ziurra… eta honelakoetan –(E)LA ipini behar da derrigorrean.

Ez da egia inflazioak behera egin duENIK.

Ez da egia inflazioak behera egin duELA.

–          Konpletiboaren mezua egia denean, argigarriagoa da –(E)LA jartzea.

Ez ahaztu bihar bilera duguNIK.

Ez ahaztu bihar bilera duguLA.

–          Ezezko indarra esaldiaren beste atal batean jartzen bada,egokiagoa da  –(E)LA jartzea.

Ez du inork esan aurrekontua murriztu behar dENIK.

Ez du inork esan aurrekontua murriztu behar dELA.

–          Bestalde, ez da gomendatzen –(E)NIK baiezko perpausetan erabiltzea:

Malik al Houthik ezeztatu egin du Yemengo meskitako erasoaren egilea dENIK.

Malik al Houthik ezeztatu egin du Yemengo meskitako erasoaren egilea dELA.

IVAP. Administrazioa euskaraz aldizkaria. Gramatika artikuluen bilduma eta ariketak

*******

Poesia eta musika

Askotan zail egiten zaigu poesia irakurtzea, baina kantatzen badigute, eta aldi berean guk irakurri, askoz errazago ulertuko dugu. Jarri kaskoak eta, Ruper entzuten dugun bitartean, irakurri abestiaren letra.

Zaindu maite duzun hori.

Iritzi helduak, uste handikoak,
gure herriaz.
Goiz eta arrats berriketan
gure herriaz.
Nik ere nahi nituzke
halako segurtasunak eduki.
baina, gauzak zer diren,
kontuak ez zaizkit ateratzen ongi.
Hori suertea
nonahikoak diren horiena!
sasi guztien gainetikan
dabiltza hegan.
Inork ez zidan esan
euskaldun izatea zein nekeza den,
hobe nuela hautatzea
munduko hiritar izatea.
Kantu leunak
nahi nituzke jarri,
eguzkia
ainubian  denari.
Zaindu maite duzun hori.
Hala esaten didate:
zertan zabiltza maite kontuetan?
elkarbizitza jokuan,
eta zu, berriz, bertso ttikietan.
Kantu leunak
nahi nituzke jarri,
eguzkia
ainubian  denari.
Zaindu maite duzun hori.

Zaindu gorroto duzun hori.
Zaindu…

 

Ruper Ordorika

Euskara hobetzen: IRITZI

Estándar

Euskal literatura tradizioan hainbat formatan agertzen da hitz hau: eretxi, eritxi, eritzi, iritxi eta iritzi formetan gutxienez.

Euskaltzaindiak erabaki zuen  iritzi erabili behar dugula.

Baina, ba al dakigu zer esan nahi duen iritzi hitzak?

Bi adiera ditu:

1 . OPINAR, PARECER

           Zer deritzozue mendira joateari? Nik ondo deritzot.

           Edo beste era batera:

Zer irizten diozue mendira joateari? Nik ondo irizten diot.

IRUDITU aditzaren sinonimo gisa har dezakegu; agian errazagoa da erabiltzeko:

Zer iruditzen zaizue mendira joatea? Niri ondo iruditzen zait.

Kontuz! Batzuetan nahasten ditugu IRUDITU eta IRITZI aditzak:

IRITZI…….Zer deritzozu HAU? Zer deritzozu HONI? (Zer irizten diozu HONI?)

           NIRI ondo deritzot             NIK ondo deritzot (HONI)  

IRUDITU…….Zer iruditzen zaizu HAU?

  1. LLAMARSE, DENOMINARSE; DECÍRSELE

– Nola deritzu zuri? -Niri Andoni derizt: -¿Cómo te llamas?

-Me llamo Andoni

*******

Artikulua

Rikardo lagunari aspaldi entzun nion eritasunak direla egungo bekatuak, eta osasun arriskuen bidez azken finean nahi dituztela Erlijioaren helburu moral berberak ezarri. Purgatorioa asmatzea falta zen. Erietxe bateko itxarongela izanen da.

Osorik irakurtzeko: http://www.berria.eus/paperekoa/1740/018/001/2016-09-11/erretzaile_potoloa.htm

Euskara hobetzen: aditza ikasi eta ondo erabili.

Estándar

ADITZA ez dugu askotan behar bezala erabiltzen, eta komeni zaigu errepasatzea. Ondorengo loturan  ariketa bat proposatzen dizugu . Bertan zuzendu dezakezu.

http://euskaljakintza.com/ariketak/aditza/orokorrak_1.htm

 Aurreko ariketa egiteko hutsuneak, zalantza ugari izan dituzu? Ondorengo loturan euskal aditz laguntzailea ikasteko baliabideak dituzu. Aditz-taula guztiak topa ditzakezu. Gunean sartuta, goiko barran, dagokion moduan (indikatiboa, baldintza, ahalera, subjuntiboa eta agintera) klik eginez, topatuko dituzu.

http://euskaljakintzaaditza.weebly.com/

Aditzak ondo erabili dituzun ikusteko, oso tresna erabilgarria da ondorengoa:

http://aditzak.com/

*******

Pasartea

Tere Irastorza idazlea, heriotzari buruz (II)

(…) Ars moriendi esaten dena. Ondo hiltzeko bideen gaineko liburuak XVII. eta XVIII. mendeetan oso garrantzitsuak izan ziren. Jendeari laguntzen zioten bere burua prestatzen hiltzeko. Gaur egun horren ordez dagoena da, zerbait pasatzen bazaizu tori pastilla, ez dago inor besarkatuko gaituenik. Biziraupena edo bizirik jarraitzea medikalizatu egin da. Eta horrekin ez dut esan nahi gaizki dagoenik pastillak hartzea, baina bai iruditzen zaidala gure buruarekin eta gure kontzientziarekin ere irits gaitezkeela sosegu batera.

Beharbada, erlijioaren galerak ere ekarri du heriotzaz nola hitz egin ez jakitea. Lehengo errituak aintzat hartzekoak zirela. Gaur egun horiek ez dira erabiltzen oso kutsu erlijiosoa dutelako batzuentzat, baina badirudi ez dagoela beste ezer. Nik uste badagoela beste zerbait; guk jarraitzen dugu, eta jarraitzen du bizitzak.

Gara, Kultura

Euskara hobetzen: Behar dena eta beharrezkoa.

Estándar

Beharrezko izenlaguna ondo erabilita dago, necesarios edo pertinentes + izena esateko?

Beharrezko izenlaguna eta behar(rezko) d(ir)en erlatiboa baliokide izan daitezke, baina zaila dirudi izenlagun moduan erabiltzen den kasuan ezker-osagarririk hartzea.

 Halakoetan behar(rezko) d(ir)en erlatibora jo beharko da:  EZ

  • Irizpideak finkatzeko beharrezko erabakiak.

  • Beharrezko dokumentazioa IFZ eskuratzeko.

  • Beharrezko adostasun politikoa krisitik ateratzeko.

  • Softwarea instalatzeko beharrezko baliabideak.

  • Horretarako beharrezko baliabideak jarriko dituzte (kontuan izan beste hau ere: Horretarako, beharrezko baliabideak jarriko dituzte).

BAI

  • Irizpideak finkatzeko behar diren erabakiak.

  • IFZ eskuratzeko behar den dokumentazioa (ordena-aldaketa ere ezinbestekoa).

  • Krisitik ateratzeko behar den adostasun politikoa.

  • Softwarea instalatzeko behar diren baliabideak.

  • Horretarako behar diren baliabideak jarriko dituzte.

 Halakoetan, BEHAR(REZKO) D(IR)EN erlatibora jotzea gomendatzen da

Itzulpen- eta berrikusketa-irizpideak / Erabakiak eta gomendioak IZO (Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala) Eusko Jaurlaritza

*******

Pasartea

Haruki Murakami literatura-sariei buruz

Batek erosten duenean bi mila yen (hogei euro) inguruko liburu bat, irakurtzeko asmoarekin erosten du. Bihotzez eskertzen diet keinu hori nire irakurleei. Horren aldean…Beno, ez dago zertan konparatu ezerekin.

Denboran irauten duena hurrengo belaunaldientzat obrak dira, ez sariak. Ez dut uste jende askok gogoratuko duenik nork irabazi zuen Nobel Saria duela hiru urte, edo  zein obrak irabazi zuen Akutagawa Saria duela bi urte. Zuk gogoratzen al duzu? Aitzitik, obra bat benetan ona baldin bada, denek gogoratuko dute, eta, horrela, denboraren joana gaindituko du. Nori zaio  axola gaur egun Ernest Hemingwayk Nobel Saria irabazi ote zuen (irabazi zuen), edo Jorge Luis Borgesek irabazi ote zuen? (irabazi al zuen?). Literatura-sariek zuzendu dezakete jendearen arreta obra jakin batzuetara, baina ez die bizitzarik emango. Ez dut ezer berririk asmatzen hau esatean.

“De qué hablo cuando hablo de escribir” – Haruki Murakami