BOST MINUTUKO IKASTAROA! Izanagatik / Txema Ramirez de la Piscina / Teknopolis

Estándar

Euskara hobetzen

jokatu izanagatik / jokatzeagatik

Galdera
Azken boladan komunikabideetan entzuten dira ondo erabilia dagoen ez dakigun zerbait. Esaterako, euskarak garbi ezberdintzen ditu honelako esaldiak:
– Ikasiagatik, ez du gainditu (Nahiz eta ikasi duen…)
– Ikasteagatik gainditu egin du (Ikasi duelako...)
Kontua da komunikabideetan honelako esaldiak agertzen direla:
– Urtetan Realean jokatu izanagatik, saria eman zioten Fuentesi (Urtetan Realean jokatu zuelako…).
Nik dudan zalantza da ondo erabilita dagoen azkenengo esaldi honetan “-agatik” esanahi kausalarekin. Ondo dago zentzu kausalarekin horrelakoak esan edo idaztea?

Erantzuna:

Galdegilea zuzen dabil.

-tu izanagatik menderagailuaren balioa kontzesiozkoa da, eta ez kausazkoa. Egia da askotan nahasten direla azken aldian, komunikabideetan batez ere, aditzaren forma burutua adierazi nahian edo. Behin baino gehiagotan entzun izan da halako esaldi oker bat:

 Eskerrik asko liburu-aurkezpenera etorri izanagatik.

Kontua da -tu izanagatik formak erabilera kontzesiozkoa bakarrik duela, eta esatariak esan duena adierazteko beste formaren bat erabili behar lukeela, balioz kausazkoa; adibidez, honako hau:

  Eskerrik asko liburu-aurkezpenera etortzeagatik.

  Urtetan Realean jokatu duelako, saria eman diote Fuentesi.

Halaxe jaso du Gramatika batzordeak EGLU VII izango den liburukian, eta halaxe argitaratuko da.

EHU Zalantzak

________________

Artikulua

Albisteen beldur

Ihesi doa. Gero eta jende gehiago albisteetatik ihesi doa. Saihestu egiten ditu. Albisteek etsipena, noraeza eta nahasmena pizten omen dituzte. Mundua astintzen ari den erauntsiari bizkarra emateko modu bat da. Irrazionala dela, eskapismoa dela? Ez dakit. Baliteke, baina gero eta gehiago ematen ari da. Esan ohi da pertsona bakoitza unibertso bat dela. Nago, ordea, unibertso ugari metatzen direla pertsona bakoitzaren baitan.

Uda honetako pasadizoa. Bierzoko Ancares haraneko alozetan gertatua, xarmadun herri ttipi batean, Pereda de Ancaresen. Erroldan 54 bizilagun baino ez. Benetan bizi-bizi, 21. Hala ere, udal kanpina dute, landa-etxe, jatetxe eta solas-leku funtzioak betetzen dituen gune bat, zura lantzen duen artisaua, erlezain bat eta, batik bat, jende umil eta jator asko. Kanpinean izan ginen. Azpiegitura apala da. Ez du zerikusirik Mediterraneo aldean edo euskal kostaldean dauden kanpinekin. Merkea eta duina da. Bertara hurbiltzen den jendea naturaz gozatzera doa: ehun urtetik gorako gaztainondoen dotoreziaz, txilardiek eskaintzen duten kolore-festaz… dastatzera, hartz arrea ikusteko esperantzaz… eta noski gailurrak egiteko asmoz (Cuiña, Miravalles, Mustallar…). 30-40 urte bitarteko bikote batek kudeatzen du kanpina: Monicak eta Danik. Oso jende gutxi zegoen kanpinean eta horrexek solasaldi mamitsuari bide eman zion. Monicak halako aitortza egin zigun bat-batean. «Nik hemen denetik daukat: bakea, natura… eta zoriontsua naiz. Zertarako gehiago? Lugotik etorri nintzen duela urte batzuk mundutik ihes egiteko nahian. Albisteek izutu egiten naute. Ez dut ezer ikusten edo entzuten. Ez naiz sare sozialetan ibiltzen. Pentsa, Ukrainako gerraren hasieraz lagunen bitartez jabetu nintzen. ‘Ez zara enteratu ala?’, galdetu zidaten harrituta. Eta, hala ere, zoriontsua naiz». Monica pertsona formatua da, klima aldaketaz oso kezkatuta dago. Baina, albisteen zaparrada errepikakor etengabeak aztoratu egiten du. Horregatik, komunikabideen jarioari uko egitea deliberatu du. Harrigarria? (…)

Txema Ramirez de la Piscina. Berria 

_________________

Zientzia. Teknopolis


Teknopolis. Bideo lehiaketa

2021-2022ko euskarazko bideorik onena

BOST MINUTUKO IKASTAROA / Euskararen Erabilera Sustatzeko Plana / Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Deja un comentario