23. KORRIKA BADATOR!

Estándar

HARRO HERRI lemapean, aurtego korrika martxan hasi zen martxoaren 14an Irunen. 2700 kilometro igaro ondoren, Baionan amaituko da martxoaren 24an.

Ibilbidea ikusteko klikatu hemen.

23. edizio honek, «Euskal komunitateak euskararekiko sentitzen duen harrotasuna» erakusteko aukeratu du Harro Herri leloa.

KORRIKA TXIKIA GALDAKAON.

Gure herriko ikasleek, ostiral honetan, korrika txikian parte hartzeko aukera izan dute. Gure eskolatik Alexia eta Isaiasek eraman zuten lekukoa.

Gogotsu atera dira kalera ikastetxe desberdinetako ikasleak.

Uholde koloretsua osatuz, herriko kaleak zeharkatu dituzte lekukoa tartero aldatuz.

Iturrondo plazan bukatu dute Urretan hasitako ibiilbidea. Bertan Dantza egiteko unea izan dute Dj kaktusen eskutik.

Bestalde, Korrika nagusia martxoaren 21ean, osteguna Galdakaotik igaroko da eguerdiko 12:30etan.

Esan bezala, bukaera festa Baionan izango da. Hona hemen egun horretako egitaraua.

“DENBORAREN MAKINA” izan da aurtengo Gandasegiko inauterien gaia.

Estándar

Dinosauroak, Antzinako Gizakiak, Egiptiarrak, Erromatarrak, Bikingoak, Aztekak, Mahoriak, Sufragistak eta Hippiak ikusteko aukera izan dogu, Galdakaoko kaleetatik egindako  kalejiran.

Eguneroko beharrak alde batera utzita, egun hauetan, jaiaren itsasoan murgiltzen gara. Umorea, musika eta dantzaren uholde zoroa, herriko bazter guztietara barreiatzen da.

Inauterien esanahi semantikoaz zera esan dezakegu, erromatarrek beraiek ere «Carnes tolendas» hitzaz ezagutzen zutela garai hau, «haragia uzteko sasoia» agian. Guk Bizkaian esanahi bera duen hitza erabiltzen dugu: «Aratusteak», haragia jatea uzteko garaia. Gaur egun, Euskal herrian zehar Inauteriak hitza dugu, urtaroaren muga honetan gizakia bere askatasunik zabalenean dago. Badirudi txantxetan edo adar jotze garaia dela, hori esan nahi duela hitz honek, «festa garaia» hain zuzen. Festa garai honen punturik gorenena inauteri asteartea izaten da, ondoren errauts eguna dator, eta berarekin batera Garizuma.

Atrezzo zoragarria. Pertsona askok parte hartu zuten lan bikain hau aurrera eramateko.

Juan Bautista Uriarte kaletik behera, Zamakoa kalera sartu, Muguru kalea gurutzatu eta bukatzeko, Iturrondo plazan elkartu ginen gogotsu, prestatutako dantzekin, bertan zegoen jendea alaitzeko.

Aurtengo inauteriei agur esan diegu. Agur, bai, agur! Egun gozo hauek gogoan ditugularik, hurrengoen gaia pentsatzen hasi beharko dugu… Gora Inauteriak!

I

IKASKETA KOOPERATIBOAREN JARDUNALDIAK

Estándar

  Urtarrilaren 15 eta 29an Gandasegi eskolako areto nagusian izango dira.

  Gaur, urtarrilak 15, Gandasegi eskolak antolatutako Ikasketa kooperatiboari buruzko lehen saioa burutu da.

  Gandasegi eskolak 2009. urtetik darama metodologia hori praktikan jartzen. Egun , Gandasegi eskola erreferentetzat hartzen da metodologia honetan, Haur Hezkuntzatik hasita, Lehen Hezkuntzako 6. mailararte.

  Lehenengo saio honetan, hainbat eskola publikoetatik etorritako 32 pertsonek hartu dute parte eta Ikasketa Kooperatiboaren garrantziaz hitzegin da, metodologiaren ereduak aztertuz.

  Hurrengo saioa urtarrilaren 29an izango da. Honetan B eta C eremuak jorratuko dira.

55. Jardunaldi Mikologikoa Galdakaon

Estándar

Peña Santa Cruz elkarteak antolatuta, 55. Jardunaldi Mikologikoa ospatu da asteburu honetan. Ibilaldi mikologikoa, argazki erakusketa eta lehiaketa gastronomikoa burutu dira, besteak beste.

Larunbatean, perretxikoak biltzeko asmoarekin, Gorbeiako parke naturalean (Sarria), ibilaldi mikologikoa egin zen herriko ikastetxeetako ikasleekin.

Igandean, argazki erakusketa, lehiaketa gastronomikoa, eskolarteko perretxiko lehiaketa eta larunbateko ibilaldian batutako perretxiko erakusketa izan ziren, beste hainbat ekintzen artean.

«Hezkuntzak euskara gehiago behar du», sinadura bilketa.

Estándar

Euskara eta euskal kultura ardatz izango dituen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Hezkuntza Lege berri baten alde, Eusko Legebiltzarreko kideei lege berriak honako hiru puntuak jaso ditzala eskatzen diet:

  1. Euskara ikas- eta irakats-hizkuntza izango duen eredu orokortu inklusiboa.
  2. Euskal kultura ardatz izango duen euskal curriculuma.
  3. Hezkuntza ez-arautua osorik euskaraz garatzea.

Euskara da gure herriko berezko hizkuntza. Horrexegatik, herritar guztiek dute euskara ezagutzeko eskubidea, eta, ondorioz, hezkuntza-sistemaren ardura ere bada ikasle guztiek euskara-maila egokia erdiestea derrigorrezko hezkuntza amaitutakoan, edozein izanik ere bizitokia, egoera sozioekonomikoa, jatorria, ingurune soziolinguistikoa… Ikasleen eskubideak bermatzeko betebeharra dute botere publikoek, eta horrek esan nahi du araudiak argi eta zehatz jaso behar duela ikasle guztiei euskararen ezagutza bermatzeko zein bide eskainiko zaien….IRAKURRI ADIERAZPENA osoa

BOST MINUTUKO IKASTAROA! Ere, Baita… ere, Ezta… ere / Sustatu / EIMA Katalogoa

Estándar

Euskara hobetzen

Ere, Baita… ere, Ezta… ere

Ere-k bere ezkerreko osagaia? azpimarratzen du. Aitzineko erranaldiko pareko osagaiari kontrajartzen? dio.

Amaiak trena hartu behar du…
 ✅ … Leirek ere garraio publikoa erabiliko du.


Amaiak trena hartu behar du…
 ✅ … Metroa ere hartu beharko du ondotik.


Ereren eskuineko osagaiak aitzineko diskurtsotik errepikatuak dira anitzetan, eta isiltzen ahal dira. Isiltzerakoan, ere bai idaztea, edo azpimarratzen den elementua baita eta ere-ren artean kokatzea hobesten du Euskaltzaindiak:

Amaiak trena hartu behar du…


 ✅ … Leirek ere (bai). ✅ Baita Leirek ere.
 ✅ … (Bai eta) metroa ere. ✅ Metroa ere bai.


 ❌ … Amaiak trena hartu beharko du ere.
 ❌ … Metroa ere bai hartu behar du.
 ❌ … Metroa ere baita (hartu behar du).
 ❌ … Metroa baita ere (hartu behar du).


Ezeztapenetan?ere ez izanen da, edo ezta… ere:

Amaiak ez du trena hartu behar…
 ✅ … Leirek ere ez du hartu behar. / ✅ … autobusa ere ez.
 ✅ … Leirek ere ez.
 ✅ … Ezta Leirek ere. / ✅ … ezta autobusa ere.

___________________________________________

Artikulua

Espazio zabaleko euskal toponimia

Joan den asteko albistea izan genuen Su eta Gar, exoplaneta bat eta bere izarra, izendatu dituztela euskarazko izenekin ofizialki, Nazioarteko Astronomia Elkarteak hartutako erabakian. Ez dira espazioan euskal izena jasotzen dute lehen objektuak, baina bai eguzki-sistematik kanpoko lehenak. Hurbilago geratzen diren beste objektu euskaldunei errepasoa egingo diegu artikulu honetan.

Honako objektuak dituzte wikilariek katalogatuta Wikipediako kategoria honetan:

Elkano mendiak Pluton planeta nanoan daude. Pigaffeta mendien ondoan daude, Ctulhu eskualdetik hegoaldera. Izendapen ofizialean C-rekin agertzen da Elcano, baina Pigafetta bezala, bi izenak munduari lehen bira eman zioten marinelenak dira, Juan Sebastian Elkano kapitainarena eta Antonio Pigafetta kronikalari italiarrarenak (zeinaren idatziengatik ezagutzen da detailean bidaia hura.

Pertsona izenak dituzte, halaber, bi asteroidek, eta kasu hauetan izendapen ofizialak zenbaki batez aurreratzen. Hona biak:

·         2423 Ibarruri izendatua dago 2. mundu gurren Armada Gorrian borrokan hil zen Rubén Ruiz Ibarruri bizkaitarragatik, Dolores Ibarruriren semeagatik.

·         6192 Javiergorosabel, berriz, Javier Gorosabel (Eibar 1969 – Donostia 2015) astrofisikariaren omenez izendatutakoa da. Gazte hil zelarik, haren heriotzaren ondoren izendatu zuten.

Izen mitologikoagoak dituzte, pixkat Su eta Garren estiloan, beste bi elementu hauek:

·         Ekhi Patera da eguzki edo ekhiaren omenez izendatua, patera delarik satelite batzuetako sumendiak izendatzeko termino astronomikoa. Kasu honetan Jupiterren orbitan dagoen Io satelite guztiz bolkanikoan identifikatutako sumendietako bat da, ez edozelangoa, 51.7 kilometroko diametroa baitu.

·         Suge Facula formazioak berriz, sugeari zor dio izena. Ofidioen izen sorta bat banatu zen bere garaian, hainbat hizkuntzatako sinonimoekin, Merkurioko planetako gainazaleko formazio batzuk izendatzeko, eta bat euskarazkoa tokatu zen. Faculak, astronomian, dira gainazal batzuetan ikusten diren formazio distiratsuak. Sumendi, inpaktu-krater ala zehazki ze jatorri duten ez da egoten beti argi.

Azkenik, azkenengo izen bat: Galdakao kraterra. Duela 20 urte izendatua, eta orduko albistea ere Sustatun gordea duguna. Marten planetan dago eta hau ere ez da xtkia, 35 kilometroko diametroa duen inpaktu-krater bat baita, hau da, asteroide edo halako gorputz batek eragindakoa.

Su eta Gar planeta eta izarraren irudi batzuk zabaldu dira, hala nola Wikipediara igo duten hau

_______________________________________

ARAZO-EGOERETAN ETA IKAS-EGOERETAN OINARRITUTAKO UNITATE DIDAKTIKOAK (IRALE)

IRALEko ikasleek R300, R400, R600… ikastaroetan sortutako material didaktikoa aukeratu dugu. Lan guztiek ikas-egoeraren edo arazo-egoeraren bat dute oinarrian eta online kontsulta edo deskarga daitezke. Ikas-egoeretan oinarritutako bakarra dugu oraingoz, baina litekeena da hurrengo ikastaroetan gehiago sortzea. Haur Hezkuntzarako, Lehen Hezkuntzarako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako eta Batxilergorako materialak dira, hainbat irakasgaitan erabiltzeko modukoak. 

Arazo-egoeretan oinarritutako IRALEko materialak ikusteko, egin klik hemen.

Aipatutako materialez gain, IRALEko material gehiago aurkituko dituzue EIMA Katalogoaren webgunean. 

BOST MINUTUKO IKASTAROA / Euskararen Erabilera Sustatzeko Plana / Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

BOST MINUTUKO IKASTAROA! Haren, bere, beraren / Jon Benito / Gari

Estándar

Euskara hobetzen

HAREN / BERE / BERAREN

BERE: aditzean pertsona bera agertzen bada erabiltzen da:

Ana BERE etxera joan da. (Ana Anaren etxera joan da). BEREk adierazten duen pertsona aditzean aipatuta dago (Anaren etxea da,eta Ana bera joan da).

HAREN: HARENek adierazten duen pertsona ez da aditzean agertzen:

Ana HAREN etxera joan da. (Ana beste baten etxera joan da, Mirenen etxera, adibidez).

BERAREN: HAREN formatik dator (ber+haren), eta aldez aurretik aipatutako pertsona edo izaki bati erreferentzia egiteko erabiltzen da.

Xabier ezagutzen duzu? Bada, BERAREN lagunekin goaz.

Euskal Gramatika Osoa Ilari Zubiri eta Entzi Zubiri

Gai honetan sakondu nahi baduzue:

bere/haren (beraren) pps / pdf

Erabilera honetan zalantza asko izaten ditugu. Ikusi bestela Andres Alberdik dioena Felix Ibargutxik egindako elkarrizketa batean:

– Aitortuko dizut: zalantza izaten dut «haren», «bere», «beraren», «beren» eta «beraien» erabiltzeko garaian.

– Nik uste denok izaten dugula zalantza. Alde batetik, euskalkien artean ez datoz ohiturak bat; eta bestetik, gaztelaniaren ziria dago, batez ere bere erabiltzen dugunean (gaztelaniazko «su» posesibo guztiak «bere» egiten ditugulako).

Elkarrizketan, hainbat zalantza argitzen digu, besteak beste:

–      Han egon naiz / Han izan naiz

–      Haiek badakite ondo bizi zaretela / Haiek badakite ondo bizi zaretena

–      Euskal azentu jatorra

–      Uraren hornidura etengo da 

Ura moztuko? da

–      Zutaz gogoratu naiz / Zurekin gogoratu naiz

–      Ikusiko dugu elkar. Kursi samarra?

________________________________________

Poesia eta musika
Jon Benitoren hitzak erabili ditu Garik “Hil ez denak” abestian:

HIL EZ DENAK

Zure atean jotzen du berriz

babes dezazun,

zure keinu bat bilatzen du

irautea merezi duela jakiteko.

Badaki lehortea zer den,

badaki itxaroten,

badaki harri artean bizitzen.

Inoiz minik behar du,

inoiz zalantzarik,

inoiz bizirik sentitu

hil ez denak.

Jon Benito

BOST MINUTUKO IKASTAROA / Euskararen Erabilera Sustatzeko Plana / Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

BOST MINUTUKO IKASTAROA! Betiko, betirako / Xabier Euzkitze / Teknopolis

Estándar

Euskara hobetzen

BETIKO eta BETIRAKO 

Euskaltzaindiak bokalez amaitutako aditzondoekin –KO erabiltzea gomendatzen du. Beraz, erabiliko ditugu betiko, atzoko, etziko, luzaroko, geroko, eta ez

 betirako, atzorako, etzirako, luzarorako, gerorako.

Adibideak:

Gizakiok ez gara betiKO. Gizakiok ez gara betiRAKO.

EtziKO egongo zela esan zenidan.    

EtziRAKO egongo zela esan zenidan.

Horiek geroKO utziko ditugu.   

 Horiek geroRAKO utziko ditugu.

AtzoKO eginda egon behar zuen. 

 AtzoRAKO eginda egon behar zuen.

Hala ere, Euskaltzaindiak bere garaian hartutako erabaki guztiek ez dute arrakasta bera izan, eta honek baditu bere gorabeherak. Ibon Sarasolak bere iritzia ematen du betiko eta betirako hitzen gainean. Sarasolak, idazle onen adibideak emanez, argi ikusten du gaur egun betirakobetikok ez dituen ñabardurak dituela, eta hortaz, biak dira onartu beharrekoak haren aburuz. 

Euskaltzaindiaren Hiztegiak ere biak dakartza (Habe Ikasbil).

Entzun zer dioen Ibon Sarasola adituak horri buruz

________________________________

Artikulua

Duela 30 bat urte Europa ekialdeko neska gazte bat Euskal Herrira etorri zen, Gipuzkoako itsasertzeko herri batera. Lan bila, etorkizun bila. Handik iritsi berritan, dena ezezagun zuen gizarte hartan, lehen erabakia hartu behar izan zuen: hizkuntza ikasi. Espainiakoa, jakina. Akademia batera jo zuen, baina han artatu zuen gizonak, ordurako Euskal Herrian hamabost bat urte zeramatzan poliglota estatubatuarrak, beste errealitate bat jarri zion begien bistan: “Nahi baduzu, nik erakutsiko dizut espainiera, baina ez dut uste erabaki egokia litzatekeenik. Herri honetan beste hizkuntza batean bizi gara gehienak, euskaraz. Espainiera ikasten baduzu, denekin elkar ulertzeko moduko tresna bat izango duzu, horrek euskara ikasi gabe bizi zaitezkeela ondorioztatzera eramango zaitu, eta ez duzu ikasiko; euskara ikasten baduzu, nik ziurtatzen dizut gaztelania ere ikasiko duzula. Hartu zaituen herri honetan denek ez dakite euskaraz, baina bi hizkuntzen jabe egiteak hemengo herritar guztiekin konektatzeko aukera emango dizu; batzuekin dakiten hizkuntza bakarrean, besteekin hurbilen sentitzen dutenean. Horrek gaztelania soilik jakiteak emango ez lizkizukeen baliabideak, aukerak eta dimentsioa emango dizkizu”.

Europa ekialdetik etorritako neska gazte hark, jada emakume heldu, egoitza batean egiten du lan. Badaki nori zein hizkuntzatan zuzendu. “¡Buenos días, Ángela!”, esango dio espainieraz besterik ez dakienari, eta “Egun on, Joxan!”, euskaraz mintzaturik bihotzean kilimak egingo dizkiola eta askoz hurbilago sentiaraziko duela dakien aitonari. Akademian planak birpentsarazi zizkion irakasleak ez zizkion begiak bakarrik ireki, baita beste mundu bat ere.

Beste mundu bat

Xabier Euzkitze

______________________________

Teknopolis

TEKNOPOLIS: Garuna, hizkuntza eta hezkuntza

BOST MINUTUKO IKASTAROA / Euskararen Erabilera Sustatzeko Plana / Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

 BOST MINUTUKO IKASTAROA! Maitasuna eman, amore eman / Julio Cortazar / Idoia Torregarai, Zaldieroa

Estándar

Euskara hobetzen

 ‘Maitasuna eman’ eta ‘amore eman’: bi esapide formaz antzeko, esanahiz ezberdin.


‘Amore’ zerbaiten aurrean ematen da, ala zerbaiti/norbaiti?

Esaldian ondo josteko, ‘norbaiti edo zerbaiti amore eman’ erabili.

Presioen aurrean amore eman dute*

Presioei amore eman diete.

__________________________

Pasartea

“Maitasuna, jende askorentzat, emakume bat aukeratzea eta berarekin ezkontzea da. Aukeratu egiten dute, zin dagizuet, nire begiekin ikusi dut. Maitasuna hezurrak apurtzen dizkizun tximista bat da, ez besterik: patioaren erdian suntsituta uzten zaituen tximista. Esango duzu “maite dutelako” aukeratzen dutela; nik uste alderantziz dela. Beatriz ezin da aukeratu, Julieta ezin da aukeratu. Zuk ezin duzu aukeratu erraietaraino blaituko zaituen euria kontzertu batetik irtetean.”

Rayuela

Julio Cortazar

_____________________________

Txioa eta zinta

BOST MINUTUKO IKASTAROA / Euskararen Erabilera Sustatzeko Plana / Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

BOST MINUTUKO IKASTAROA! atxikituta edo atxikita? / Blanca Urgell / Txoriak.eus

Estándar

Euskara hobetzen

Atxikituta edo atxikita?

Galdera Kaixo, Zalantza sortu zaigu * ‘atxikituta’ edo ‘atxikita’ ote den. Hau da, nola esan behar da. * «atxikituta dago artxiboa» edo «atxikita dago artxiboa». Mila esker.

Erantzuna ‘erantsia’, ‘erantsita’, ‘erantsirik’, ‘atxikia’, ‘atxikita’, ‘atxikirik’ edo «honekin batera doana» dira ohikoenak.

* ‘atxikitu’, * ‘atxikituta’, * ‘atxikiturik’, * ‘atxikitutako’, * ‘atxikituriko’… ez dira zuzenak.

1/ Euskaltzaindiaren Hiztegiak —ezta besteek ere— ez du jasotzen * ‘atxikitu’ aditza. Bai, ordea, ‘atxiki’, testuinguru batzuetan ‘erantsi’ aditzaren sinonimoa dena.

-tako / -riko adjektibo-atzizkiak gehituz gero, ‘erantsitako’/’erantsiriko’ eta ‘atxikitako’/’itxatxiriko’ formak izango ditugu.

Era berean, -ta edo -rik atzizkiekin, ‘erantsita’/’erantsirik’ eta ‘atxikita’/’itxatxirik’.

2/ Zenbait lekutan, aditz batzuen aspektu burutua indartzeko beharra sentitu izan dute, eta partizipio berretuak sortu dituzte (‘izan’ eta ‘egon’ aditzetatik, kasurako, ‘izandu’, ‘egondu’, ‘izatu’, ‘egotu’…). Horrela gertatu da Baztan eta Bidasoa inguruan eta beste hainbat aldaeretan.

Ez dakigu * ‘atxikitu’ aditza ere bide horretatik eratua den, baina guk behintzat antz hori ematen diogu.

Kontsulta zerbitzua. IRALE

______________________________

Artikulua

Txorien mintzo sekretua

Txantxangorria, urretxindorra, kardantxiloa, birigarroa eta txolarrea, izenak ezagutu ezagutzen ditut, baina euren izanaz den bezainbatean ez gabiltza hain ondo. Belea zein belatxikia, mika eta enara edo sorbeltza bai, zozoa azkenotan ere bai, franko daude-eta Gasteizen, Judimendiko parkean adibidez, baina osterantzean niretzat txoriak «txori», besterik ez. Hau ez da ona.

Salburuko parketik nabilenean, edo etxe aurrean paratzen naizenean, bere-berehala harrapatzen naute txorien kantuek. Txorrotxio, txiotxio, txinta eta txioek. Zein norena den, ordea, ezer ez. Arnegagarria, ezta?

Ba hori ez da deus. Gaur ikasi dut txori kantarien eta loroen mintzoa gizakiarenetik gertuago dagoela gainerako hominidoena baino. Animalia askok ezin dute hotsak imitatzen ikasi. Tximinoak berez dituen bokalizazioak beste era batera edo beste balio batekin erabiltzen ikas dezake, baina ezin berririk ikasi. Delfin eta saguzarrek, elefante eta fokek, eta baleek ere badute gaitasun hori, ordea.

Aparteko gaitasunak aparteko tresnak behar ditu garunean: zirkuitu mota jakin bat gune kortikalean, eta laringearen mugimenduen gaineko kontrol fin-fina. Halere, ez da beharrezkoa giza adimenaren antzekorik ere izatea, ahoskatzea hizkuntzaren kanpoko alderdia baino ez baita: barruan zer dabilen, hori beste kontu bat da.

Tira. Txoriak ere gauza dira hots berriak ikasteko. Hain da honela, ezen behin etxeko txori kantari horietako batek The Keel Row eta Mosquitoes Dance abestiak ikasi omen baitzituen. Halako batean etxetik alde egin zuen, eta basoan bizi harrezkero. Txoria hil eta urteetara, abestiok kantatzen zekiten txoriak aurkitu zituzten baso hartan.

Ez da harrigarria John Deek-eta sinestea txorien hizkuntza aingeruen hizkuntza dela, eta aingeruen hizkuntza dakienak aingeruekin hitz egin dezakeela.

Orain, gelditu nirekin, eta ikasi txorien mintzo sekretua.

Blanca Urgell. Berria

_________________________________________

Txoriak.eus

Txoriak.eus

BOST MINUTUKO IKASTAROA / Euskararen Erabilera Sustatzeko Plana / Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko ekimena: Pantailak euskaraz.

Estándar

Hona hemen Pantailak Euskaraz herri ekimenak sortu berri duen Hezkuntzarako Euskarazko Baliabide Digitalen Zerrenda.

Hezkuntzan ere Pantailak Euskaraz erabiltzea ezinbestekoa denez, arloko irakasle, ikasle, guraso, eragile eta abarri euskaraz aurki daitezkeen baliabide esanguratsuenak erraztea da helburua. Horretarako, dokumentu batean bildu ditugu, baliabideen erabilera eta zabalkundea errazteko asmoz.

Atxikirik duzuen Baliabide Zerrenda zuen gela, irakasle gela, web orri eta egoki iruditzen zaizuen lekuan ikusgarri egiteko. Zerrenda hau etengabe osatzen ari gara, jarri gurekin harremanetan zure proiektua topatzen ez baduzu. Gainera, zerrenda lau haizetara zabal ezazuen eskaera egiten dizuegu, ahalik eta gehien zabal dadin.

Zuen gustokoa eta lagungarri izango zaizuelakoan…
Pantailak Euskaraz Ekimena

Eskola publikoaren aldeko dekalogoa

Estándar

Hona hemen Eskola Publikoaz Harro topaguneak sortutako dekalogoa. Dekalogoa inprimatu eta ikastetxean  kokatzea eskatzen dizuegu. Gainera, zuen atxikimendua jaso nahiko genuke. Klaustro, OOG edo langile talde moduan bidaliguzue helbide honetara: eskolapublikoazharro@gmail.com

Bestalde, kontuan izateko bi data:

  • Ekainaren 4ean zita garrantzitsua dugu Mungian egingo den eskola publikoaren jaian, bertan kalejira aldarrikatzailea egingo dugu.
  • Ekainaren 9an Hezkuntza Legearen aurka mobilizatuko gara Donostian, Bilbon eta Gasteizen. 18:00etan. Bete ditzagun kaleak!

Animo ikasturte bukaerarekin eta Gora Euskal Eskola Publikoa!