Euskara hobetzen: non eta nola .

Estándar

Komeni da honako bereizkuntza hau ere ondo egitea:

Non (lekua)  eta nola (modua) bereiztu behar ditugu.

Letra handietan kolore biziagoa komeni da (non).

Letra handitan egingo dugu iragarkia (nola).

Bertsoetan ageri da orduko giroa (non).

Bertsotan aritu da (nola).

Kaxetan sartu dugu arraina (non).

Kaxatan sartu dugu arraina (nola).

*******

Ipuina

Erdu, amante

 

Gure amak ez zuen amarengandik euskara jaso. Haren amari trufa egiten zioten gaztelera negargarrian egiten zuenean, eta amamak amari eta osabei ez erakustea erabaki zuen. Ez da salbuespena. Marie Darrieussecq idazleak antzerako zeozer zioskun. Amak, Marie Darrieussecqek bezala, zulotzarra darama barruan. Umetan, bera txikia zela entzundako berbak esaten zizkigun: erdu, amante. Hitz soil bi ondo iltzatuta daramatzadanak. Samurtasun ikaragarria sortzen zait entzuten dudanero. Beti itzultzen gara zentimetro gutxi genuen sasoira. Iloba gazteenarekin hasi da ama bere haurtzaroko berbak ekartzen. «Erdu, amante», esaten dio iloba txikiari guri esaten zigun legez. Duela egun gutxi batzuk, baina, «ven, cariño» entzun nion. Harritu nintzen. Amak kontatu zidan umearekin jolasten ari zela parkean beste amama bat hurbildu zitzaiola zerabiltzan berba horiek «euskara txarra» zirela esanez. Hasieran, amarekin haserretu nintzen, eta atoan, neure buruarekin haserretu nintzen amarekin haserretu nintzelako. Euskaldunon artean ere pepelerdoak daudela azaldu behar izan nion. Oso besteen modukoak garela horretan, hizkuntzak ez duela zerikusirik; «Erdu, amante» euskara jatorra zela, euskaldun askok zerabiltela, eta berak ere jarraitu behar zuela erabiltzen. Izan ere, urte asko barru, bere ilobak amamaren gauza asko gogoratuko zituela, eta denen artean, umetan entzundako berba horiek izan zitezkeela. Ondo argi azaldu nion parkeko amama gangarrari zer esan liezaiokeen, eta bere oilarkeriak nondik sar litzakeen ere bai. Gure ama, baina, heziera onekoa da eta sartze kontuetan ez da sartuko.

Ez dakit nor zen parkeko beste amama hura. Pentsatzen dut gure birramamaren gaztelerari barre egiten ziotenengandik oso urrun ez dela izango. Garrantzitsuena da lehengoan amak «erdu, amante» esan ziola berriro iloba txikiari. Urak bere bidea aurkitu duen seinale.

 

Goizalde Landabaso

Joxe Aranzabalek Under Sandet filma euskaratu eta artikulu hau idatzi zuen “Erdu amante”-ren harira.

Deja un comentario