BOST MINUTUKO IKASTAROA:Egingo nuke / Eider Rodriguez / Imanol Epelde

Estándar

Euskara hobetzen

EGINGO NUKE

Nola adierazi euskaraz gaztelaniazko «apostaría»?

Adierazteko modu bat «egingo nuke» izan daiteke, beste batzuen artean; adibidez, «apustu egingo nuke» edo «lepoa egingo nuke»

Itzulpen-ariketatxo bat eginez zehaztu dezakegu hobeto:

Nola esan euskaraz:

·        «apostaria a que ganan los de casa»?

 «Egingo nuke etxekoek irabaziko dutela».

·        «Apostarí­a a que Julen vendrá muy sudado».

 «Egingo nuke Julen izerditan blai etorriko dela».

·        «Apostarí­a a que esas mujeres también estarán ahí­».

 «(Apustu) egingo nuke emakume horiek hor ere egongo direla».

Habe Ikasbil

*******

Artikulua

Eider Rodriguezek emakumeek literaturan duten tokia aztertzen du bere azken liburuan, eta horretarako bost emakume elkarrizketatzen ditu: Arantxa Urretabizkaia, Laura Mintegi, Miren Agur Meabe, Karmele Jaio eta Uxue Alberdi.

Arantxa Urretabizkaiak esandakoaren pasarte bat ekarri dugu gurera:

 

Urretabizkaiak, ilea tindatzeari uztea “aurrerapauso ideologiko” ikaragarritzat dauka, koherentzia ariketatzat, ez bakarrik edertasunari dagokionez, baizik eta adina eta amatasuna ulertzeko moduei lotuta ere bai:

      Nik ez nuen ilea tindatzen haurdun gelditu nintzen arte. 43 urte nituen eta ilea urdintzen hasita neukan, baina ez nuen tindatzen. Hor hasi nintzen ilea tindatzen, inguruak bultzatu ninduen, ama gazteagoa emate aldera-edo. Baina berehala esan nion pelukerari: “Tíñeme todo menos un mechón aquí”. Oso praktikoa zen, ilea hain zuria daukazunean, tindatu eta marra segituan egiten da. Baina adats hori juxtu marraren erdian zegoen. Eta horrek uzten zidan denbora gehiago egoten tinte gabe… Uztea izan zen niretzat ideologikoki tokatzen zitzaidan gauza bat, lasaitu ninduena asko. Tranpatan nenbilela sentitzen nuen, tranpa horren aurrean amore ematea zen, niri asko axola zitzaidan kontu batean, eta halako batean esan nuen: bukatu da. Gero, egia esan, ba etxean ere, haurra txikia zen bitartean, ile zuria… Arma Plazan bizi den lagun bat badaukat, bera ere ama berandu izan zena, eta hark beti tindatzen zuen ilea, eta esaten zidan: “Jo, batzuetan haurraren bila joan eta esaten diote, ‘bai ongi, gaur amona etorri zaizu bila!’, eta hondoratu egiten naiz”; eta nik esaten nion: “Puto kasurik ez egin!”. Ez da erraza, baina halako batean esan nuen: bukatu da. Duela lau, bost, sei urte.

http://www.susa-literatura.eus/liburuak/lisi0604

Bideoa

Imanol Epelde / 27 zapata

 

Deja un comentario