BOST MINUTUKO IKASTAROA! gizon/gizonezko, emakume/emakumezko / Mikel Elkoroberezibar / EHUko kultura Zientifikoko Katedra

Estándar

Euskara hobetzen

gizon/gizonezko, emakume/emakumezko

Dendetako erakusleihoetan edo tabernetako komunetan jartzen diren errotuluetan, nola jarri beharko genituzke euskaraz gaztelaniazko ‘hombre’/’mujer’ eta frantsesezko ‘homme’ / ‘femme’ formen baliokideak?

 Gizonezkoak/Emakumezkoak? Gizonak/Emakumeak?

Denak zuzenak badira ere, Euskaltzaindiaren Hiztegiko adibideak eredutzat harturik ―[EH:gizonezko][EH:emakumezko]―, egokiena gizonezkoak/emakumezkoak bikotearen alde egitea litzateke.

Euskalterm datu-basean ere hala ageri dira adibideak:

gizonezkoen aldagela (vestuario hombres; vestuario caballeros / vestiaire hommes)

emakumezkoen aldagela (vestuario señoras; vestuario mujeres / vestiaire femmes)

Jagonet galde-erantzunak

Euskaltzaindia

______________________________________

Artikulua

Algoritmoa ere matxista da

Amazon enpresako giza baliabideen kudeaketa adibide moduan erabili zuen Gutierrezek. Azaldu zuenez, Amazonek 2014an adimen artifiziala erabili nahi izan zuen langileak kontratatzeko. «Bertan behera utzi behar izan zuten, konturatu baitziren programak sistematikoki puntuazio hobeak ematen zizkiela gizonei, nahiz eta emakumeen meritu berak izan. Joera historikoa da arrazoia. Programak enpresaren datu baseak zituen oinarri; enpresa horretan, gizonek agintzen zuten», azaldu zuen Deustuko Unibertsitateko irakasleak. Hau da, algoritmo bidez funtzionatzen duen hautaketa programa batek identifikatzen badu ordura arte gizonek izan dituztela ardurak, hori aintzat hartu beharreko faktore bat dela ulertzen du sistemak, eta horren arabera hartzen ditu erabakiak.

Internet bidezko bilatzaileek ere erabiltzen dituzte algoritmoak, eta horietan ere islatzen dira joera matxistak. «Adimen artifizialak ikasi du emakumeak sukaldeekin lotzen, sarean sukaldeen argazki gehiago daudelako emakumeekin gizonekin baino. Sistemak ez zuen soilik argazki horietan zegoen joera matxista islatu: areagotu ere egin zuen», kontatu zien San Telmo museoan izan zirenei.

Adimen artifiziala audio bidezko «laguntzaileek» ere erabiltzen dute, galderei erantzuteko eta hainbat erabaki hartzeko. Apple enpresaren Siri da horietako bat. Emakume ahotsa du, baina datu base matxistaz hornituta dagoela nabarmendu zuen Gutierrezek: «Duela urte batzuk Siriri esaten bazenion ‘Puta bat zara’, hau erantzuten zizun: ‘Ahalko banu, gorritu egingo nintzateke’. Espero dut ja kenduko zutela erantzun hori».

 Mikel Elkoroberezibar Beloki. Berria

Mikel Garciaren artikulu hau ere interesgarria da: Emakume ahotsa, zerbitzari lanerako aproposa

_____________________________________

Berdinak ote dira sintoma medikoak gizonetan eta emakumeetan?

UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedra

Genero desberdintasuna oso kontuan izan behar dugu gaixotasun baten sintomak baloratzeko orduan. Izan ere, badira gizonezkoei eta emakumeei modu berean eragiten ez diguten gaixotasunak. Esaterako, desberdinak gara miokardio-infartuaren aurrean. Gizonek bai emakumeek gaixotasun kardiobaskularraren sintoma tipiko komunak dituzte baina emakumeen kasuan badira sintoma ezberdinak ere, ezohiko sintomak: nekea, arnasestua, bizkarreko mina, tripalak, eztarriko mina edo okadak. MAIZ EGITEN DIREN GALDERAK ataleko bideoek labur eta modu entretenigarrian aurkeztu nahi dituzte, agian, noizbait egin ditugun galderak. Bideoak UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eginak daude eta zientzia jorratzen duen Órbita Laika (@orbitalaika_tve) telebista-programan eman dira gaztelaniaz.

BOST MINUTUKO IKASTAROA / Euskararen Erabilera Sustatzeko Plana / Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Deja un comentario