BOST MINUTUKO IKASTAROA: Ariketak estiloa / Kyoichi Katayama

Estándar

Euskara hobetzen

ESTILOA

Aukeratu, esaldi pare hauetatik, egokia. Emaitza mezuaren bukaeran aurkituko duzue.

  1. Marrazo handi bat ikusia izan da Getariako partean

  2. Marrazo handi bat ikusi dute Getariako partean

  3. Parisko Eiffel dorrea XIX. mendean izan zen eraikia

  4. Parisko Eiffel dorrea XIX. mendean eraiki zuten

  5. Langile xehengatik salbatua izan da enpresa

  6. Langile xeheek salbatu dute enpresa

  7. Umeen gustuak telebistako diren anuntzioengatik erabat manipulatuak daude.

  8. Umeen gustuak telebistako anuntzioek erabat manipulatzen dituzte.

Zuzenak: 2, 4, 6, 8


Pasartea

Ipurtargiak

(…) Momentu hartan Akik xuxurlatu zuen:

—    Ipurtargiak.

Akik begiratzen zuen toki berera so egin eta argi txiki bat ikusi nuen, belarren artean. Hasieran, bat besterik ez nuen ikusi, baina ongi begiratu eta gero, han-hemenka, argiak pizten eta pizten ari ziren. Begiratu ahala, argiak gero eta gehiago ziren.

Ehun edo berrehun baino gehiagoko ipurtargik ñir-ñir egiten zuten, belarren eta zuhamuxken artean. Hostoen gainean zeudenak arin aireratu, bizpahiru kiderekin elkartu eta berriro belarretan gordetzera itzultzen ziren. Asko izanda ere, hegan egiteko modu isila zuten. Talde osoa airean ari zela zirudien.

—    Itzali argia— esan zidan Akik.

Jada gu ere, haiek bezala, ilunpean geunden. Ipurtargi bat taldetik aldenduta guregana hegan etortzen ikusi nuen. Argi arina piztuta, ipurtargia motel hurbildu zen guregana.

Leihoko babesgarria zegoen tokian une batean airean geldirik egon zen. Ahurra

gora jarrita, eskua ipurtargiarengana hurbildu nuen. Ipurtargiak, arriskuari aurre egin nahi izango balio bezala, atzera egin zuen eta hosto baten gainean gelditu zen, muinotik zabaltzen zen adar baten puntan atsedena hartuta. Gu zain geunden. Geroxeago ipurtargia berriro aireratu zen, eta poliki-poliki Akiren inguruan jiratu eta elur-maluta baten antzera haren sorbaldan pausatu zen arinki. Ipurtargiak Aki aukeratu izan balu bezala zen. Zerbaiten seinaleak bidaltzen arituko balitz bezala, bizpahiru aldiz argia pizten eta itzaltzen aritu zen.

Guk arnasari eutsita begiratzen genion. Zenbait alditan argia piztu ondoren, ipurtargia, isilik, Akiren sorbaldatik aldendu zen hegan. Aldi hartan, etorri zenean ez bezalaxe, zalantzarik egin gabe joan zen, zuzen, muinoko hostotzan zeuden kideengana. Begiak zorroztuta, hari begira segitu nuen. Berehala taldean sartu zen. Kideekin hegan egin zuen eta argi txikien aniztasun hartan nahasita, begi-bistatik galdu zen.

Aki eta Saku-chanen pasadizo bat.

(“Maitasunezko oihua, munduaren erdian”. Kyoichi Katayama)

 

Tamalez, ipurtargiak desagertzear daude. Gaur eguneko umeek ezin izango dituzte ikusi argitxo berdeak udako gau epeletan…

https://aldizkaria.elhuyar.eus/erreportajeak/argien-eraginez-etorkizun-iluna-ipurtargientzat/

https://zientziakaiera.eus/2019/03/05/ipurtargien-argia-argitzen/

Deja un comentario